ATLETICO SAN SEBASTIAN 16 – BRT MENDITARRAK 19

Aitzineko larunbatean Atletico San Sebastian eta BRT-Menditarrak-en arteko partidua jokatu zen Aieten. Bi taldeek garaipena eskuratzeko premia zuten. Talde baztandarrak etxean galdu eta gero, garaipenaren bidera bueltatzeko aukera zuen eta ez zuen nahi hau galdu. Bertzetik, Donostiako taldeak, goitiko postuetan sartzeko abagunea ikusten zuen partidu honetan. Partidu borrokatua eta parekatua aurreikus zitekeen norgehiagoka baino lehen. Horrela eman zitzaion hasiera partiduari.

Lehenengo zatian bi taldeak indar handirekin jokatzen hasi ziren, biak erasoan hasi ziren etengabe, baino lehen erran bezala partidu orekatua zen eta  defentsan gogor ekin zioten, eta erasoak antzuak izan ziren. Hasiera batean etxeko taldeak hartu zuen nagusigoa eta entsegua eskuratzeko ahalegin handiak egin zituen, baina nafarrek bikain eutsi zioten defentsari eta ez zuten utzi etxeko erasoek eragiterik. Hala ere, denbora pasa ahala, etxeko taldeak berdin jarraitu zuen eta kanpokoek nahiz eta defentsari ongi eutsi, Atletico-k entsegua egitea lortu zuen eta aitzinetik paratu zen markagailuan. Donostiarrek ez zuten amorerik eman eta markagailuko aldea handitu nahian aurreko gidoi berdinarekin jarraitu zuten, baita bere helburua lortu ere, bertze entsegu bat lortu zuten eta baztandarrei partidua are zailago paratu zitzaien irabazteko. Horrela, 10-0-eko markagailuarekin ailegatu ziren bi taldeak atsedenaldira.

Bigarren zatiari dagokionez, baztandarrak animo handiarekin atera ziren zelaira eta norgehiagoka bereganatzeko xedea zuten. Honenbertzez, etengabeko erasoari ekin zioten, gainera defentsan ez zuten abagunerik utzi eta esfortzu horrek fruituak eman zituen. Lerroaren jokaldi bikain batean, J. Martinez-ek entsegua egitea lortu zuen, ondotik, I. Iraizozek bihurtuko zuena. Entsegu eta transformazio honekin, markagailura hurbiltzea lortu zuten baztandarrek eta ez zuten aukera honek ihes egiterik nahi. Baloien nagusigoa baztandarrek hartu zuten berriz eta aurrelarien zein lerroaren bitartez bertze entsegua bat lortu nahi zuten. Horrela, aurrelariek eta lerroak baloia anitz ireki zuten, eta etxeko taldearen akats batean J. Urreagak baloia jarraitu eta defentsaren artean sartzea lortu zuen, baita hauek gainetik kentzea entsegua lortuz. Entseguarekin, I. Iraizoz-ek bihurtzea lortu zuen, 14 eta 10 gainetik jarriz. Gipuzkoarrek ez zuten amorerik eman eta baztandarrek egin zituzten zigor kolpe baten bitartez bi ostiko sartzea lortu zuten, 16-14 aurretik jarriz. Hamar minuturen faltan, nafarrak galtzen ari ziren, baina ez zuten amorerik eman eta partiduaren bila jarraitu zuten etengabe. Horrela beraz aurrelarien indar erakustaldi baten ondoren, I. Mutilva-k entsegua lortu zuen, 16-19 aitzinetik jarriz. Horrela iritsi ziren bi taldeak partidu amaierara.

Horrenbertzez, puntuak Baztanerat joan ziren eta arras ongi etorri zaio taldea suspertzeko. Hurrengo asteburuan ez da partidurik izanen, baina azaroak 26an, La Unica-ren kontrako derbia jokatuko da Lekarozen. Ikusle oro gonbidatzen dugu, hurrengo partidua ikusteko eta bertan gozatzeko.